Eu | Es | En
Transbideak

Digitalizazioaren eta konbergentzia mediatikoaren eskutik, ikus-entzunezko sorkuntzan tradizionalki egon izan diren rolak, eragileen arteko harremanak, erabiltzaileak eta produktuak zeharo aldatzen ari dira. Eszenategi berri honetan, eduki berriak sortzen dira eta horiekiko erabiltzaileen jarrera eta portaera desberdinak azaleratzen dira. Ikerketa proiektu honen bidez, transmediaren eremuan agertzen diren produktu berriak aztertuko ditugu eta beraien izaera, egitura, ekoizpena eta sozializazioan sakontzeko asmoz gatoz.

Transmedia edukien sorrera, ekoizpena eta erabilera ikerketa proiektu hau burutzeko, bat egiten dute Euskal Herriko hiru erakunde publikok (UPV-EHU, EITB eta Tabakalera), indarrak batuz, transmediaren inplikazio produktibo, kultural eta sozialean murgildu guran.

Ikerketa proiektu honen helburu orokorrak:

  • Transmedia edukien sorkuntza, ekoizpena, hedapena eta erabileraren oinarri teorikoen etengabeko birdefinizioan aportazioa egin.
  • Ohiko ikus-entzunezko hedabideen historian izan diren eduki eta jarrera transmediarren bilakaeran sakondu. Eta, gehienbat, digitalizazioaren ostean eman diren esperientzia interesgarrienetan murgildu, bereziki kultura eta hizkuntza anitzeko testuinguruetan emaniko kasuetan.
  • Transmedia produktuen azterketa egin eta bide batez ikus-entzunezko alorrean disziplinartekotasuna bultzatu.
  • Transmediaren inguruko ezagutza jendarteratzen lagundu eta jakintzaren transferentzia horren bidez sortzaile, ikus-entzunezkoen industria eta erabiltzaileen elkarlana areagotu.

Helburu orokor horien baitan, zehatzagoak diren honako beste hiru hauek lortu nahi ditugu:

  • Transmedia produktu esanguratsuenen katalogoa sortu eta etengabe elikatu eta, aldi berean, mundu mailan alor honetan lanean ari diren beste ikerketa-talde eta aholkularitza enpresen katalogo gaurkotua mantendu.
  • Transmedia edukien kasuko azterketari ekiteko ardatzak definituko ditugu, sakoneko azterketari ekiteko arlo denak haintzat hartuz, besteak beste: sorkuntza, finantziazioa/ekoizpena, audientzia/erabilpena eta euskarriak.
  • Jakintzaren transferentzia plataforma oso bat ireki: transbideak webgunearen bidez eta jardunaldi, ikastaro berezitu zein tailerrak antolatuz.

Transmedia edukien sorrera, ekoizpena eta erabilera ikerketa proiektuak lortu nahi dituen onurak hiru motatakoak dira:

1Batetik, sakabanaturik dauden esperientzia eta ezagutza teoriko zein praktikoen bilketa-lana burutzea. Gaiaren egungo egoeran sakontzeaz bat, edukien ekoizpena, transmisioa eta errezepzioaren azterketan alderdi teorikoan sakontzea, transmediatasunaren definizio gaurkotuan gure ekarpena eginez.

2Bestetik, kasuko azterketetako adibide bakoitzaren elementu definigarriak eta indar bektoreak zeintzuk diren azalduko ditugu. Lanaren atal hori burutzeko, transmedia edukien sailkapena, osagarriak eta beraien arteko pisua zenbatekoa den neurtzeko taxonomia originala diseinatuko dugu. Azterketa praktikoari ekin aurretik egin beharreko lan honen ondotik etorriko dira adibide adierazgarrien aukeraketa eta horien sakoneko azterketa. Horietako bat ez da behaketa soilera mugatuko, garapenean ere parte hartuko baitugu.

3Hirugarrenik, aipatzekoa da lehen aldiz hiru erakunde publiko -UPV-EHU, EITB eta Tabakalera- ikerketa proiektu baten inguruan indarrak bilduz elkartu direla. Ikus-entzunezko edukien sorkuntzan, transmisioan eta horien hedapen sozialean inplikaturik dauden hiru ente hauek beharrezkoa ikusi dute indarrak batzea eta emergentea kontsideratzen duten komunikazio mota honen inguruan modu kooperatiboan sakontzea.