Bideo interaktiboak sortzeko dozenaka tresna daude. Gaurkoan Youtube sarearen interaktibitate aukerez mintzatuko gara. Ba al dakizu nola sortzen diren bideo interaktiboak Youtube erabilita?
Egun ez da nahiko bideo bat egite hutsarekin, bideoak bereizgarriak behar ditu; bai edukian eta baita forman. Eta nola ez, egungo erabiltzaileen kontsumo joerekin bat egin beharra dauka. Interaktibitatea bat dator bizi dugun garaiekin. Eta interaktibitate hori lantzen ikasi beharra daukagu, baita bideogintzan ere.
Bideo interaktiboak egiteko ez da zertan norbera informatikan aritua izan behar, eskura dauzkagun tresnak baliatzen ikastea nahikoa da. Eta bideoak ikusi zein partekatzeko barra-barra erabiltzen dugun Youtube tresna bera aski dugu bideo interaktiboak egiteko. Ez da horretarako propio sortutako tresna, baina horretarako aukerak eskaintzen ditu.
Funtsean ikus-entzuleari aukerak eskaintzeko. Baina zertarako aukerak? Aukera horiek bi motatakoak izan daitezke Youtuberen interaktibitate aukeren kasuan: bideoak elkarlotzeko edota bideo beraren denbora lerroan aurrera/atzera egiteko.
Bideaok elkarlotuz aukera askodun istorioak sor genitzake, ikus-entzuleari aukerak egiteko eskatuz. Horra tankera horretako bideo interaktiboa sortuta Londresen droptheweapons.org-ek burututako kanpaina bat: Choose a different ending
Ez ditugu bideo pieza ezberdinak behar interaktibitatea sortzeko. Gure bideoaren denboran aurrera edota atzera egiteko aukera eskaini diezaiokegu ikus-entzuleari.
Bigarren aukera hau erabili dugu UEUren baitako Transmedia kontakizunak. Komunikazio esperimentuak ikastaroko Zuloak proiektuaren inguruko ordubeteko hitzaldiko atal ezberdinak ikus-entzuleari banatuta eskaintzeko. Modu horretan, bideoaren hasieran kokatutako barne loturei esker erabiltzaileek nahi duten horretara zuzenean jotzeko aukera dute.
Youtubera igota daukagun bideoa editatzerakoan “Oharrak” aukeratuko dugu.
Behin oharrak kudeatzeko pantailan oharpen mota aukeratu beharko dugu. Irudian ikus daitekeen moduan oharra izan daiteke testu-globoa, oharra, titulua, egunekoak edota etiketa. Guk oharra aukeratu dugu.
Ohar mota aukeratuta daukagunean oharra sortzea dagokigu. Horretarako, ikusi beheko irudia:
1/ Oharraren izena, deskribapena, kolorea, tamaina, kolorea etab. gure nahierara egokituko ditugu
2/ Oharrari lehen pausuan hasiera eta amaiera denbora jarriko dizkiogu eta horren arabera bigarren denbora lerro honetan agertuko zaizkigu. Bertatik ere egokitu dezakegu denbora.
3/ Oharrari esteka jarriko diogu. Esteka hori hainbat motatakoa izan daiteke: bideoa, erreprodukzio zerrenda, kanala… noski, estekatzen dugun hori Youtuben kokatutako zerbait izango da.
Nahi beste lotura jar genitzake. Behin denak ezarrita gure bideo interaktiboa prest izango dugu.