Narrativas transmedia. Cuando todos los medios cuentan.
Scolari, Carlos A. (2013)
Madril: Deusto
Transmedia hitz makulua izatetik hitz akuilua izateko bidea egiten ari da. Henry Jenkins-ek 2003an lehen aldiz erabili zuenetik, eragin du zeresana eta zeregina. Bateratze kulturala, mediatikoa eta soziala daude transmediaren iturburuan. Eta ingurune horretan jaiotzen diren kontakizunak ezin dira medio soil batera mugatu, ezin dute norabide bakarreko komunikazio ardatza bere horretan mantendu eta, beraz, tradizionalak zaizkigun zeregin sozialak betikotu. Panorama berri honetan sortutako istorioak transmedia narratiba bere baitan barneratua daukate.
Jenkinsek (2006) berak dioen bezala “Transmedia istorioa barreiatzen da plataforma mediatiko anitzen bidez eta testu bakoitzarekin kontribuzio berezitu eta baliotsu bat egiten dio osotasunari. Transmedia narratibaren kasurik idealenean, medio bakoitzak egiten du ondoen egiten dakiena eta, beraz, hasieran pelikula bat zena hedatu daiteke telebistaren, nobelen eta komikien bidez; bere mundua esplora daiteke bideojokoen bitartez ala atrakzio parke batean egonez”.
Transmediatasuna aztertuz paperean eta sarean plazaratu diren liburu eta artikulu ugariren artean aurkitu ditzakegu narratiba jorratzen dutenak, inplikazio teknologiko eta sozialetan arreta jartzen dutenak edota transmedia produktuen ekoizpenarekin lotura daukatenak. Eta, gehienetan, bi ikuspegi oinarri modura hartuta: transmediatasunaren inplikazio orokorrak eta maila horretan jarrera analitikoagoa daukatenak eta, bestetik, kasuko azterketak mahaingaineratzen dituztenak eta, bere horretan, deskribatzaileagoak direnak.
Scolariren “Narrativas transmedia. Cuando todos los medios cuentan” izeneko liburuak ere bietatik dauka, baina zalantza barik bigarrenaren aldeko apostu garbiagoa du. Bere hitzetan, ez da liburu akademikoa eta buruan hori baino xede-talde zabalagoa izan du:, komunikazio munduko profesionalak.
Informazio ugari eskaintzen du Scolariren liburuak eta, hori bezain interesgarria dena, oso iradokitzailea da. Ate, zirrikitu eta bihurgune asko uzten ditu irekita eta gaian sakondu nahi duenak badu nondik abiatu. Transmediatasunean lehen murgildu nahi duenari ere hasierako ikuspegi zabala emango dio.
Esandakoa, egile, produktu eta webgune askoren gaineko erreferentziak ematen ditu liburuak eta modu ikusgarrian, atseginean eta errazean. Ez du hizkera kriptikorik erabiltzen eta ideiak bere horretan, eskuliburu batean bezala, azaltzen dira modu ordenatu eta koherentean.
Piezak modu logikoan antolatuta dituen puzzle batean bezala, transmediaren esangurarekin ekiten dio Scolarik bere liburuari gero ekoizpenari lekua eginez. Kasu eta adibide ugariz hornitutako testuan, lehenengo fikziozkoak aipatzen ditu eta gero jatorri faktuala daukatenetan sakontzen du. Liburuaren bigarren zatian transmedia produktuen erabiltzaileei buruz aritzen da. Eta, azkenean, mugarik ez duen bilakaeraren ideia emanez, bestelako transmedia garapenak azaltzen ditu: brandinga eta merchandisinga.
Scolarik laburbiltzen duen moduan, transmedia narratiba “…errelato mota bat da medio eta komunikazio plataforma anitzen bidez istorioa zabaltzen duena eta zeinetan barreiatzearen eginkizuna kontsumitzaileetako batzuk bere gain hartzen duten modu aktiboan ”. Abiapuntu horrekin eta definizioan “zabaldu” ala “barreiatu” aditzak aipatu baditu ere, liburuan zehar beste hainbeste erabiltzen ditu transmediari buruz ari dela: hedatu, egokitu, gainditu, banatu, konektatu, eraiki, elkartu, besteenganatu…
Mundua ikusteko eta kontatzeko modu bat da transmediarena eta, Mikel Lejarzaren hitzak liburura ekarriz, “Gaur egun ikus-entzunezkoen enpresak multimedia baino ezin dira izan eta modu berean edukiak transmedia”
Robert Pratten-en (2011) eskema abiapuntu gisa hartuta, transmedia ekoizpena nola eraiki daitekeen zehazten da liburuan. Besteak beste, hauek dira transmedia proiektu batek kontuan hartu behar dituen eremuak: kontakizunaren egitura, audientziaren bizipena eta zeregina, erabiliko diren medio eta plataformak, negozioaren artikulazioa eta, azkenik, denbora-lerroa eta garapenaren kronograma. Sei hauek erabat elkarreragileak dira, besteetara kateatuak. Zaila baita kontakizunaren egitura diseinatzea erabiltzaileek izango duten lekua eta paperari erreparatu barik. Modu berean, transmeditasunaren oinarrietan dago medio ugariren bidez bizi daitekeela kontakizuna eta bere horretan guztien arteko loturak eta erlazioak definitu behar dira. Mundu konplexua da eta aldi berean jokorako eta arriskuak asumitzeko aproposa.
Lerro batzuk gorago ere esan dugun modura, esperientzia eta kasu zehatzen aipamenez hornitua dago liburua, horrek bizitu egiten du irakurketa. Gainera, kapitulu bakoitzaren osagarri modura, gaiarekin lotura zuzena duen profesional ala ikertzaile baten (ala gehiagoren) elkarrizketaz aberastua dator. Guztira 23 dira. Lerro hauetara dagoeneko ekarri ditugun Jenkins ala Lejarzaz gain, besteak beste, Fernando Carrión, Christy Dena, Simon Staffans, Lizzie Jackson ala María Ivern.
Transmedia produktuen azterketa egiterakoan bi multzo nagusi zedarriztatu ditu Scolarik, fikzioan oinarritutakoak eta, bestetik, kazetaritza ala dokumentalgintzarekin lotuago daudenak.
Fikzioari dagokionez, testu literarioetatik abiatzen direnak aztertzen ditu lehenengo, izan “Harry Potter” ala “The lord of the rings” bezalakoak eta zenbateraino izan diren garrantzitsuak transmedia narratibaren garapenean.
Baina, nola ez, badira beste testu batzuk kontakizunari multimedia eta multiplataforma ikuspegia eman diotenak eta jatorrian zirenak komikiak (“The walking dead”, “Superman”…), bideojokoak (“Resident evil”, “Halo”…), marrazki bizidunak (“The Simpsons”) ala panpinak (“Barbie”, “Pokémon”…).
Adibideen bidez ilustraturiko kasu horietan gehienetan, kontakizuna esplosioaren ala inplosioaren bidez garatzen da. Istorioa, pertsonaiak eta ekintzak denboraren ardatzean ehuntzen dira gertaera zehatzetan sakonduz ala ikuspegi holistikoak hartuz. Kontakizuna bere funtsa aurkitzen du ala mila zatitan lehertzen da, horietariko bakoitza mikro-istorioan ernaltzeko.
Kontakizuna likido egiten da eta bere horretan malgua, moldagarria eta aberatsagoa bilakatzen da. Scolariren liburuaren aitzakian, Bruce Leeren esaldi bat hona ekarriz, ageri agerian dago transmedia narratibak sekulako indarra duela bere irekia izate horretan: “Izan ura bezalakoa pitzaduretatik bidea eginez. Ez izan asertiboa baina objektura egokitu eta bidea aurkituko duzu zeharka ala hura inguratuz. Zure baitan zurruntasunik ez badago, kanpoko gauzak berez zabalduko dira.
Burua hustu, itxurarik gabekoa izan. Forma barik, ura bezalakoa. Ura botatzen duzu kikaran eta kikara bilakatzen da. Ura botatzen duzu botilan eta botila bilakatzen da. Teontzian jartzen duzu eta teontzia bilakatzen da. Beraz, ura jario daiteke ala krask egin dezake. Izan ura, lagun.”
Faktualari dedikaturiko kapituluan, ikus-entzunezko produktuak, bideojokogintza eta sare sozialak nola sintonian jarri daitezkeen azaltzen da eta horretarako gaurkotasun handiko hainbat adibide aipatzen dira. Zalantzarik gabe, egunerokoarekin lotura gehiago daukaten produktu hauen ahalmena handia da transmedia ikuskera jorratzerakoan.
Azkenik, eta kontsumitzaile hutsa itzatetik medio desberdinen erabiltzaile eta, beraz, egile izateko bidea erakusten digu “Narrativas transmedias” liburuak. Nola medio desberdinekin kontaktua normaldu den, edonon eta edonoiz izan daitekeela eta nolatan jendearen aportazioak jasotzetara gero eta prestuago dauden. Scolariren hitzetan, gaur egun “Proiektu transmedia guztiak komunitatearekin elkar-trukerako guneak eskaintzera behartuta daude”. Gainera, norberak xamurtzen ez badu erabiltzaileen parte hartzea, beraien kabuz sortuko dituzte moduak eta horren adibide dira fandom kulturaren hainbat plataforma: “Fanfiction”, “LiveJournal”, “Fictionpress” ala “Mugglenet” bezalakoak.
Aipatu dugun modura, kontzeptualki transmediatasuna ia gauza guztietara zabaltzen ari denez, Scolariren liburuak, gida lana egitera dator. Jarrera panoramikoa eskainiz eta mugarri batzuk ezarriz, gero, transmediatasunak aurrera egiten duen neurrian eta kasu eta esperientzia berriak sortzen direnean aldatu eta gaurkotu beharra izango dutenak baina lehen bidaia egiteko lagungarriak suertatuko zaizkigunak.
(Erreseña hau ZER aldizkariaren 34. zenbakian agertu da; 2013ko maiatza)